XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ohea beheratuta zegoen.

Ohe barruan zerbait zegoen irri-karkaraka.

Buru ile-hori bat zegoen nire burukoa zapaltzen.

Bi beso biluzi zeuden gorantz okertuta, haien eskuak buru ile-horiaren gainean giltzatuta.

Carmen Sternwood zegoen nire ohean ahoz gora etzanda, irri-karkaraka ari zitzaidala.

Adatsaren uhin hori-gorria burukoaren gainetik barreiatuta zeukan, esku arretatsu eta artifizial batek ipinita bezala.

Arbel koloreko begiek txitxilduta begiratzen zidaten eta, ohi bezala, hodi baten atzetik begiratzen zidatela iruditzen zitzaidan.

Irribarre egin zuen.

Hortz ttiki zorrotzek diz-diz egiten zioten.

- Ederra naiz, ezta? esan zidan.

Nik zakar esan nion:

- Bai, filipinar bat larunbat gauean bezain ederra!

Zutikako lanpara batera hurbildu nintzen eta lokarritik tiratu nuen pizteko; atzera sabaiko argia itzaltzera joan, gela berriro zeharkatu eta lanpararen azpian neukan joko-mahaiaren gaineko xake-taularaino hurbildu nintzen.

Taula gainean sei mugimendutako problema bat neukan planteatuta.

Ezin nuen burutu, beste hainbat problemarekin gertatzen zitzaidan bezalaxe.

Eskua luzatu eta zaldizkoa mugitu nuen; gero kapela eta berokia erantzi eta han nonbait bota nituen.

Bitarte horretan guztian, oheko irri-karkara motela isildu gabe aritu zen, etxe zahar bateko oholtzaren atzetik dabiltzan arratoien hotsa gogorarazten zidan irri-karkara hura, alegia.

- Ezetz asmatu nola sartu naizen!

Nik zigarro bat atera eta begi zakarrez begiratu nion:

- Baietz asmatu!

- Zerrailaren zulotik sartu zara, Peter Pan bezala.